Artxiboak hilabeteka: Iraila 2014

Trintxerpen eta San Pedron materialaren % 55 banatu da lehen hiru egunetan

Hondakin bilketa sistema berrira egokitzeko Pasaiako Udalak antolatu duen material banaketa erritmo onean doa. Lehen hiru egunetan San Pedro eta Trintxerpeko familien %55ak  jaso du dagokien materiala, hau da, organikoa biltzeko bi kubo; errefusa, ontzi arinak eta paperarentzako poltsa bana; sistemaren inguruko informazioa; eta hozkailuan itsasteko egutegi imantatua.

Jakinarazi nahi dugu ostiralean Trintxerpen banaketa puntu bakarra egongo dela. Ciriza etxean zentralizatuko da banaketa guztia. Ciriza leku handia da eta herritarrei harrera erosoago egingo zaie horrela. San Pedroko kasuan, ez da aldaketarik egongo, Gimnasioa izango da banaketa puntua aurretik iragarri bezala. Ordutegia, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Ostegunean ez da aldez aurretik emandako egutegian aldaketarik egongo, San Pedron Gimnasioan banatuko da materiala eta Trintxerpen Cirizan eta Ulia 3an dagoen Garbitxokoan.

Zenbait momentutan arazoak izan ditugu materiala banatzeko garaian hornitzaileak ontzi arinen poltsak garaiz entregatu ez dituelako. Horregatik, Trintxerpeko lokaletan banaketa ez dugu nahi bezain fin egin eta kaltetuak gertatu diren herritarrei barkamena eskatu beharrean gaude. Dena den, herritarrek izan duten jarrera ona nabarmendu nahi dugu. Errespetuz jokatu dute eta oro har ongi ulertu dute arazoen aurrean emandako irtenbidea.

Bukatzeko, egunero zabalik egon diren banaketa puntuetan lanean aritu diren eta datozen bi egunetan ariko diren boluntarioen lana goraipatu nahi dugu. Aste osoan zehar 50 pasaitar boluntario aritu dira eta ariko dira bost banaketa puntutan materiala banatzen. Boluntarioen jarrera eta prestutasuna harrotzeko modukoa izan da Gobernu Talde honentzako. Garai bateko auzolanaren erakusle bilakatu dira 50 boluntario hauek. Mila esker guztiei.

Iruzkin bat utzi

Hiri Hondakinen Kudeaketa atalean

Donibane eta Antxo ongi egiten ari dira

Udalak argitara eman duen prentsa oharra:

Donibanetarrek eta Antxotarrek % 84,80 birziklatu dute azken sei hilabeteetan

Lehenik eta behin, Gobernu Taldeak herritarrak zoriondu nahi ditu hondakinen bilketan egiten ari diren esfortzuak emaitza paregabeak eman baititu. Irailaren 1arekin Donibanek urte bete egin du atez ateko eta egokitutako lokalen sistemarekin hasi zenetik. Antxotarrek, berriz, urte erdia daramate Udalak esekitoki eta garbitxokoen sistema abian jarri zuenetik.

Esan bezala, azken sei hilabeteetan Udalak Donibanen eta Antxon bildu dituen hondakinak kontutan hartuta, %84,80 dira birziklagarri diren gaiak (ikusi ondoko koadroa). Udalak Donibanen eta Antxon jaso eta kudeatzen dituen gaiak honakoak dira: organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak eta errefusa.

Altzari zaharrak ere Udalak jasotzek ditu, hondakin hau Pasaia osoan. Azken sei hilabeteetan Udalak 33.480 kilo altzari jaso ditu (kopuru hau herri osoko bilketari dagokio). Altzari zaharrak gerora birziklatu egiten dira.

Bestetik, aipagarria da, eman dugun birziklatze-tasa igotzea ekarriko luketen beste gai batzuk San Markoko Mankomunitateak jaso eta kudeatzen dituela, hala nola, beira, arropa erabilia, olioa eta pilak. Udalak zuzenean kudeatzen ez dituenez barrutiz barrutiko datu zehatzik ezin du eman.

Halaber, San Markoko Mankomunitateak Udalari emandako azken hilabeteetako datuen arabera argi ikus daiteke Pasaia bere osotasunean %55 inguruko birziklatze-tasa lortzen ari dela azken hilabeteetan, bosgarren edukiontzia sistema gisa erabiltzen duen edozein herrik lortzen duen birziklatze-tasa erraz gaindituta.

Gobernu Taldearen iritziz datu hauen guztien irakurketa argia da, are gehiago kontutan hartzen badugu soilik pasaitarren %44a dela egun derrigorrezko bilketa selektiboa egiten ari dena.

Bidea markatuta dago, bidea ona da eta aukeratutako bilketa-sistema erabat baliagarria dela erakusten ari dira datuok. Horregatik, Donibane eta Antxoko pasaitarrak zoriondu eta San Pedro eta Trintxerpeko herritarrei sistema berriari aukera bat emateko eskatu nahi diegu. Berehala konturatuko dira esfortzuak merezi duela.

 

 

DONIBANE-ANTXO martxoa-abuztua

 

 

3 Iruzkin

Hiri Hondakinen Kudeaketa atalean