Trintxerpen eta San Pedron materialaren % 55 banatu da lehen hiru egunetan

Hondakin bilketa sistema berrira egokitzeko Pasaiako Udalak antolatu duen material banaketa erritmo onean doa. Lehen hiru egunetan San Pedro eta Trintxerpeko familien %55ak  jaso du dagokien materiala, hau da, organikoa biltzeko bi kubo; errefusa, ontzi arinak eta paperarentzako poltsa bana; sistemaren inguruko informazioa; eta hozkailuan itsasteko egutegi imantatua.

Jakinarazi nahi dugu ostiralean Trintxerpen banaketa puntu bakarra egongo dela. Ciriza etxean zentralizatuko da banaketa guztia. Ciriza leku handia da eta herritarrei harrera erosoago egingo zaie horrela. San Pedroko kasuan, ez da aldaketarik egongo, Gimnasioa izango da banaketa puntua aurretik iragarri bezala. Ordutegia, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Ostegunean ez da aldez aurretik emandako egutegian aldaketarik egongo, San Pedron Gimnasioan banatuko da materiala eta Trintxerpen Cirizan eta Ulia 3an dagoen Garbitxokoan.

Zenbait momentutan arazoak izan ditugu materiala banatzeko garaian hornitzaileak ontzi arinen poltsak garaiz entregatu ez dituelako. Horregatik, Trintxerpeko lokaletan banaketa ez dugu nahi bezain fin egin eta kaltetuak gertatu diren herritarrei barkamena eskatu beharrean gaude. Dena den, herritarrek izan duten jarrera ona nabarmendu nahi dugu. Errespetuz jokatu dute eta oro har ongi ulertu dute arazoen aurrean emandako irtenbidea.

Bukatzeko, egunero zabalik egon diren banaketa puntuetan lanean aritu diren eta datozen bi egunetan ariko diren boluntarioen lana goraipatu nahi dugu. Aste osoan zehar 50 pasaitar boluntario aritu dira eta ariko dira bost banaketa puntutan materiala banatzen. Boluntarioen jarrera eta prestutasuna harrotzeko modukoa izan da Gobernu Talde honentzako. Garai bateko auzolanaren erakusle bilakatu dira 50 boluntario hauek. Mila esker guztiei.

Iruzkin bat utzi

Hiri Hondakinen Kudeaketa atalean

Utzi iruzkina